Gaur Gipuzkoako Eskola Txikien festa aurkeztera gatoz, ez dakienentzat festaren historioa labur labur, kontatuko dugu.
1.988tik ospatzen den festa bat da, honen helburu bakarra 26 eskola-herri eta auzoko haur, guraso eta irakasle elkarrekin egun eder bat igarotzea da eta urtero herri-auzo desberdin batean antolatzen da.
Aurten Altzoko herriari dagokio antolaketa, honen inguruan Mikel, Zantillazpiko guraso elkarteko lehendakariak xehetasun gehiago emango dizkigu.
Dakizuenez Altzo Tolosaldean kokaturiko herri txiki bat da. Guztira 400 biztanle inguru gera eta Imaz bertsolaria izeneko eskola dugu. Bertan 59 ume, hauen gurasoak eta 10 irakasle dihardute beren zereginetan.
Zer esanik ez antolaketa lan hauek esfortzu handia suposatzen duela guretzat eta bertan murgilduta dagoela herri osoa (Udala, irakasleak, gurasoak, elkarte ezberdinak etabar).
Azken batean nahi duguna horixe da, eskola txiki guztiak elkartu eta festa bat egitea. Txikiak izanik denon batura honek egiten gaitu handi. Hori azpimarratu nahian ekarri dugu hona hor atzean dagoen Altzoko handia.
Festaren egitaraua dagokion momentuan banatuko da eskola eta hedabide ezberdinetara.
Azpimarratzekoa baita ere festa honek bere baitan hartzen duen leloa: Eskola txikiak bizirik, herri eta auzo txikiak bizirik. Eskolak eta bere inguruko iharduerak gure herria bizi bizia mantentzen dute, herriari arnasa ematen diote.
Bestalde hain globalizatua dagoen mundu honetan gure umeak oraindik ere nekazari kutsua duen eta naturarekin harreman zuzena duen herri batean hezi eta nortasuna finkatzeko aukera dute.
Besterik gabe, ea ba ekainaren 13an denok gure herrian elkartzen garen eta festa polit batetaz gozatzeko aukera izaten dugun. Denok gonbidatuta zaudete!



Triptikoa handiagoa (pdf - 400KB)
Altzoko lagunek bi dokumentu prestatu dituzte eskolari buruz:
"Altzoko eskolaren iragana" (pdf - 464KB) eta
"Eskola berriak 10 urte" (pdf - 316KB)
Festa dela-eta Altzoko eskola bisitaldiak jasotzen ari da... joan den ostegunean, apirilak 29, Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusia eskolan egon zen, hona hemen argazki batzuk:


Porrotx, berriz, ostiralean, apirilak 30, egon zen, hona hemen argazki batzuk:


Ederki pasa zuten Altzoko ikasleek bideoklipa grabatzen, hona hemen argazki batzuk:






Eguraldi paregabea lagun, arratsaldeko 17:00etarako itxura ederra zuen Altzoko plazak.
Antolatzaileek egindako zitara emozioez gainezka hurbildu ziren gure gaztetxoak.
Oholtza gainean egin beharreko entsaioak egiten ari ziren bitartean, irri, salto, abesti eta gorputz mugimendu dotoreen lekuko izan ginen bertara hurbildutakoak.
Arratsaldeko 19:00etarako jende mordoa hurbildu zen plazara, bazirudien herri festak aurreratu zirela. Maixak ongi etorria eman denei eta hortxe hasi zen ekitaldia Loatzoko musika eta kantu emanaldiarekin, besteak beste, Zaldibobo taldearen “Lurra” abesti ederra entzuteko aukera izan genuen.
Ondoren etorri zen arratsaldeko, animoak berotu zituen lehen ekitaldia. Herriko gazteenak, eskola txikietako arropak soinean, dotore dotore jantzi eta oholtza gainera igo eta desfilea egin zuten. Baita lotsa gutxirekin desfilatu ere!. Gaztetxoak gustura eta gurasoak baba dariola. Dohain paregabeak azaldu zituzten eta garbi utzi zuten ez liratekeela galduko pasarela artean.
Alur Dantza Taldearentzat izan zen hurrengo txanda, dantza eta koreografia apaina erabiliz, gure begiak gozatu zituzten.
Aipatutako begiak Udaletxeruntz giratu ziren, gizon handi bat azaldu zen plazan, lagun batzuk ondoan zituela.
Orduan etorri zen arratsaldeko bigarren une berezia. 150 urte atzera eginez, gure artean, bizirik eta sasoiko, izan genituen Altzoko Erraldoia, Imaz bertsolaria, Asteasuko itsua eta pertsona guzti horiek dotore gidatu zituen Artzaun.
Aurreko desfilea polita izan bazen hauek bai zeudela dotore. A ze lanak gure Erraldoia handia eta gainerakoak horrela jantzen! Eskola txikien festan egingo dutenaren aurrerapen bat eskaini ziguten. Oso gustukoa gertatu zen. Ekainaren 13an, gurdi eta asto, berriz gure artean izango dira eta ordurako Pello Errota ere berpiztuko dela agindu zigun Artzaunek.
Eta amaitzeko, Imaz Bertsolaria eskolako komunitate osoa, ikasle guraso eta irakasle, oholtza gainera igo eta ekainaren 13rako sortutako abestia abestu zuten denek Beste bat, beste bat… jendearen oihu eta txalo artean amaiera eman zitzaion ekitaldiari.
Bueno, esan dezagun ekitaldiaren lehen parteari. Izan ere, oraindik girotu gabekorik gelditzen bazan, ondorengo zahagi ardoak eta afari herrikoak lortu zuen denok girotzea eta guztion animoak berotzea.
argazki gehiago (pdf - 716KB)
Altzoko ikasleek prestatu duten abestia entzun
Audio hau euskaltube-n sartu dugu eta hortik gure webgunean txertatu; euskaltube-n bertan entzuteko aukera ere badago. Zu batzen bazara
KANTUA
Amets polit polit bat
izan dut bart
su txindar baten bueltan
genbiltzan festan.
Bi ginen ta zu hiru
zenbat miru
laugarrena badator
barrezka jator.
LEHEN TXIKI GINENOK
IA HANDI GARA
ASKOZ HANDIAGO
ZU BATZEN BAZARA.
Guk suari mintzoa
ta hauspoa
suak guri beroa
eta geroa.
A, e, i, o eta u
egin ulu
suaren kedar beroaz
hegan baigoaz.
ALTZOK HARTZEN ZAITU ALTZOAN.
LEHEN TXIKI GINENOK
IA HANDI GARA
ASKOZ HANDIAGO
ZU BATZEN BAZARA.
Letraren egilea: Maider Osa (Arrasate)
Musika : Maixa Lizarribar
Altzoko ikasleek grabatutako bideoa abestiakin.
Bideo hau Youtube-n sortu dugun kontuan sartu dugu eta Youtube-n bertan ikusteko aukera badago.
Ekainaren 9 burutu da bigarren prentsaurreko bat Donostiako Koldo Mitxelena egoitzan. Beraren helburua festa eguneko EGITARAUA hedabide ezberdinei jakineraztea izan da. Kontutan izan behar da Apirilak 22an eman zela beste prentsaurreko bat eta bertan festaren aurkezpena egin zela.
Girotze modura TXIKIAK HANDI abestia jarri da prentsaurrekoa hasi aurretik. Segidan egitaraua ahalik eta zehaztasun handienarekin azaldu da. Besteak beste abestiaren bideoklipa eskaini da.
Hedabide ezberdinek egindako galderei erantzun ondoren denak gonbidatuak izan dira egun horretan Altzora etor daitezen festa polit batetaz gozatzera.
Altzoko festa Galtzaundi aldizkarian (pdf - 936KB)
Altzoko festa Mantangorri-n, Berriako gehigarrian (pdf - 610KB)
Azkenean eguna iritsi eta ederki pasa genuen! Argazki honek Picasa-n sortu dugun albumera eramango zaitu argazki gehiago ikus ditzazun.
Altzotik, mila esker zuri
“Amets polit polit bat izan dut bart” zioen gure abestiak eta oso ondo islatzen zuen ekainaren 13an Eskola Txikien festaren atarian zein zen gure nahia, gure sentipena. Urte osoko bizipenak genituen soinean, urte osoko lana eta ahalegina eta amaiera nola ez, amest polit bat bezalakoa izatea nahi genuen.
“Bi ginen ta zu hiru, zenbat miru”: Miru asko, milaka miru, hori bai, hegan etorri ordez, autobusez inguratu zineten Otsabioren magalera ekainaren 13an. Eta hantxe geunden zure zain. Nolako harrera egin genizun? Bete al genuen aurrez esandakoa? Alegia, Altzok hartuko zaitu bere altzoan.
Harreraren ondotik, ondo pasa al zenuen prestatutako ekitaldietan? Gustura jardun al zuten seme/alabek jokuetan?. Gustatu al zitzaizun prestatutako erakusketa? Eta, lekuko aldaketa? Aizu, eta ia herri osoa oholtza gainera igo ginenean zer... ondo abestu al genuen?
Eguerdia iritsi zen eta tripa zorriak sentitzen hasiak dagoeneko. Egunak merezi zuen eta gosea kentzeko mokau goxo bat egitea onena. Frontoian prestatu genuen bazkaria zuretzat. Ondo bazkaldu al zenuen? Again nahiago izan zenuen etxetik ekartzea eta lasai lasai lagun artean bazkaltzea. Horrela egin bazenuen, kafe ona hartu al zenuen?
Hainbeste galdera egin ondoren, ordua izango da gure egun horretako sentipenak agerian jartzeko. Guk bai, aitortzen dizugu, egun ederra pasa genuela zure ondoan. Milaka miruren bueltan oso gustura sentitu ginen. Alaitasun eta kolorez bete zenuten gure herria. Ez hori bakarrik, baita ondo zaindu eta txukun txukun utzi ere. Bejondeizula!
“lehen txiki ginenok
ia handi gara
askoz handiago
zu batzen bazara”
Esaten zuen abestiaren estribilo edo errepikak. Zer esango dizugu bada zuri, kontua ez da txiki edo handi izatea, ez gara bizi handi izatearen desioan. Lehen txiki ginenok orain ere txiki gara, baina nor izan nahi dugu. Horixe da ekainaren 13an zuri esan nahi genizuna.
Zuri jakinarazteko eta bide batez Altzoko etorkizuna lantzeko, elkartu ginen herri osoa, oraingoak eta iraganekoak. Zertara etorri ziren bada Altzoko Erraldoai, Imaz Bertsolaria, Pello Errota, Asteasuko Itsua, Artzaun eta Txanbolin?
“Zu batzen bazara” aurrez ere ziur geunden eta zer esango dizugu ba amaieran zuri, izan laguntzaile, babesle, komunikabide ezberdineko ordezkari, udaletxe, eskola txikitako ordezkari, irakasle, guraso, ikasle, aitona, amona....eguna fresko antzekoa izanik ere, gertu gertuan sentitu genuela zure epela. Mila esker zuri!
BATZORDE IRAUNKORRA.